Atal honetan, 2024ko edizioko topaketetan grabatutako bideo guztiak dituzue ikusgai. Zein gustatzen zaizue gehien? Zabaldu eta komenta itzazue zuen sareetan.
Topaketari hasiera emateko, Katixa Agirreren eta Uxue Alberdiren arteko solasaldia eskaini genuen. Karlos Aretxabaletak gidatu zuen euskarazko saio hura. Aipatutako bi egileak eroso aritzen dira eleberrigintzan, eta baita kontakizun laburrak idazten ere, eta Consonni argitaletxeak argitaratutako Borradores del futuro egitasmoan parte hartu zuten biek.
Fantasiaren unibertsoari heldu genion ondoren: Amançai Gaztañagak eta Urtzi Leonetek, Ylenia Benitok elkarrizketatuta, euren azken eleberriak aurkeztu zituzten. Gaztañagaren Martin Martina eta urrezko orrazia trilogia baten lehen liburua da; Itzalen dama eta patxi bakallu – harrizko errementariak, berriz, Urtzik aurkeztua, Iparraldeko herrietako mitologia euskal mitologiarekin uztartzen duen istorioa da.
Jaialdiaren bigarren egunari dagoeneko gure ‘amabitxi’ diren Iria G. Parente eta Selene M. Pascualekin ekin genion. Euren azken liburua aurkeztu ziguten, Timekeeper trilogiaren hasiera: El eco del destino, Molino argitaletxearekin argitaratua.
Eguneko bigarren hitzaldian, Nando Lopezen lana hurbilagotik ezagutzeko parada izan genuen. Trilogia baten hasiera izango den liburua, Algo más que sexo: Otoño, hartu genuen hizketagai nagusitzat. Horrez gain, egilearen beste lan batzuk ere aipatu genituen, hala nola, Cuál es tu lucha, non irakurle batzuk protagonista bihurtu ziren.
2024ko edizioaren azken jardunaldian, Megan Maxwell eta Sandra Miro izan genituen gure artean. Espainiako eleberri erromantiko eta erotikoaren ‘erreginak’ Las guerreras Maxwell bildumako bederatzigarren argitalpenaz hitz egin zigun: Libre como el viento. Eta nazio mailan gazte literaturaren ikur bilakatzen ari denak, Tú eres mi persona eleberri sentikorra aurkeztu zigun.
Festibalaren hirugarren edizioari amaiera eman genion Georgia Costarekin -Costa Alcala duetoaren erdia denarekin-. Tejesombras bilogiaren lehen zatiari buruz, hots, Huérfanos del Errante-ri buruz, hitz egin genuen berarekin. Egileak kontatu zigun nola sortzen dituen bikoteak halako girotze konplexuak, bere beste lanei buruzko azalpenak ere eman zizkigun, eta baita esku artean zuen banakako proiektuari buruzkoak ere: Algo le pasa a Ada Tormentas haurrentzako liburuan ari baitzen lanean.